XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Proletkulturalistek Errusian ez dute horrelakorik lortuko: Iraultzaren osteko Errusian Alderdi Komunistaren hegal moderatuak lehenengo, eta funtzionarioen hegalak gero, edukiko dute aginpidea eskuetan.

Proletkulturalistak Alderdi barrukoak nahiz albokoak oposizio antzean gelditu ziren: iraultzagile suharrak baziren ere, ez ziren lankide zuhurrak, gizartearen antolaketa berrirako.

Eta beren subermadurak, radikalismoak, aginpideari enbarazo egiten bait zion, proletkulturalistak isilarazi edo sakabanatu egin behar izan zituen Iraultzak, hots, Aginpide Sobietarrak.

Ohartxo hau egitea beharrezko zen, nahasmenduren batzuk ebitatzeko.

Hemen, izan ere, proletkulturalistak eta Alderdi Komunista (Lenin batez ere) elkarren kontrako burrukan agertu bait zaizkigu.

Baina hau, burruka hau, Iraultza egin eta gerokoa da, Iraultza aurretik elkarren primerako adiskideak izan eta gerokoa.

Diferentziak eta burrukak gero sortzen dira.

Fenomenu honen azterketak urrutiegi eramango gintuzke (4) Dudarik gabe izpiritu iraultzagilearen epeltzearekin batera ikusi behar da hau, antolaketa berrirako premia konkretuekin batera bezalaxe; ik. A. Decouflé, Sociologie des Révolutions, 1970.

Hau behintzat gogoan eduki beharrezkoa iruditzen zait: Iraultza osteko burrukok, a) iraultzagileen artekoak izan zirela, ez iraultzagileen eta kontrairaultzagileen artekoak, eta Alderdiaren barrukoak izan zirela gehienbat, eta b) gainera, iraultza egin eta gerokoak.